Itzulpenerako laguntzailea helburu

Euskarazko itzultzaile automatikoa garatzeko eta eskaintzeko bidea hasi du Eusko Jaurlaritzak

JAKES GOIKOETXEA

Donostia

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak
prozesu bat abiatu du euskarazko itzultzaile automatiko bat sortzeko.
Horretarako, eta lehiaketa publikora deitu aurretik, hizkuntzen
prozesamendu automatikoan lan egiten duten bost enpresatara jo du:
Euskal Herriko hiru (Eleka Ingeniaritza Linguistikoa, EmergiaTech eta
InterLan System) eta Kataluniako bi (Automatic Trans eta Translendium).

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak
informazioa eskatu zien bost enpresa horiei: enpresari buruzkoa, beren
teknologiari edo itzultzaileari buruzkoa, eta euskarazko itzultzaile
automatikoak izan beharko lukeen garapenari buruzkoa. Horrez gain,
itzulpen proba bat jarri zien enpresen itzultzaile automatikoei, beren
teknologiaren egoera eta etorkizunerako aukerak ikusteko.

Enpresek apirilean egin zituzten aurkezpenak eta proba,
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak osatutako adituen batzorde
baten aurrean. Orain, adituek aztertu egingo dute aurkezpenetan
esandakoa eta egindakoa, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak,
adituen ondorioetan oinarrituta, uda aurretik lehiaketa publikoa
abiatuko du euskarazko itzultzaile automatikoa sortzeko.

Gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa zeinentzat?
«Herritarrentzat», dio Lorea Bilbaok, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza
Politikarako Sailburuordetzako aholkulariak. Alegia, edonork
erabiltzeko modukoa, ez Administrazioan edo Administraziotik kanpo arlo
jakin batzuetan lan egiten dutenek bakarrik. «Testuez gain, webguneak
ere itzuli beharko lituzke, hainbat webgunetan euskaraz nabigatu ahal
izateko. Gaur egun, hizkuntza batek garapen egokia lortzeko,
ezinbestekoa da teknologia berrietan presentzia egokia bermatzea».
Zerbitzua doan izango da.

Prozesuan parte hartu duten Eleka Ingeniaritza Linguistikoa
eta VicomTech enpresek zalantzan jartzen dute gaur egun euskarazko
itzultzaile automatiko orokor batek eskain dezakeen zehaztasuna, eta
horrelako zerbitzu baten eraginkortasuna. Muga eta gabezia handiak
dituela, alegia.

«Badakigu zehaztasun maila hobea lor daitekeela hizkera
espezializatuen itzulpenean, eta badakigu eskainitakoa ez dela izango
itzulpen perfektua, ezta gutxiago ere», onartu du Lorea Bilbaok. «Baina
itzulpenerako laguntza bat izango da, itzulitako testuari buruzko ideia
orokor bat eskainiko duena».

Abiatutakoa prozesu bat da. Itzultzaile automatikoa eskaintzeaz
gain, garapena izan beharko du. Eusko Jaurlaritzak «bermatu» egin nahi
du eskainitako itzultzaile automatikoa «hobetuz joango dela erabili
ahala». Jaurlaritzak 300.000 euro gastatuko ditu aurten itzultzaile
automatikoan.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak enpresekin hitz egin
zuen, eta esan zioten errazena gaztelaniatik euskarara itzultzeko
itzultzaile automatikoa sortzea zela. «Baina aurkezpenetatik ateratako
informazioaren arabera, gaztelania-euskara eta euskara-gaztelania
itzultzaileak bi urtean egin ditzakegu», Bilbaoren ustez. Aurrerago
ingelesa eta frantsesa era eskaini nahi dituzte «behintzat».

Berria.info-tik hartuta 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *