IEB2007 Informatikari Euskaldunen VI. Bilkura: Web 2.0 hemen

  

Web 2.0 izango da, oraingoan, bilkuraren gai
nagusia. Jakina denez, web 2.0, teknologia multzo bat ez ezik, jarrera
berri bat ere bada; horregatik, seigarren bilkura honen egitarauan, bi
ikuspuntuoi buruz, teknologikoari zein filosofikoari buruz, alegia,
jardungo duten hizlari adituak aurkituko ditugu. Hitzaldiak ez ezik,
web 2.0 tresnak erabiliz izandako esperientzia aberasgarriak eta azken
aldian garatu diren aplikazio berriak bilkurako parte hartzaileei
azaltzeko aukera ere izango da

1996, 1998, 2001, 2003 eta 2005. urteetan antolatu genituen
bilkura honen aurreko bost edizioak. Emaitzak arrakastatsuak izan dira,
bakoitzean 160 pertsona bildu izan ditugu, informatikarekin lotura
duten hainbat arlotatik etorriak: irakaskuntza, industria,
administrazioa eta komunikabideak, nagusiki. Edizio haietako gai
nagusiak hauek izan ziren: Euskarazko softwarea (1996), Euskara eta
Internet (1998), Informatikaren irakaskuntza eta informatika
irakaskuntzan (2001), Informatikaria gizarte elektronikoan (2003) eta
Softwaregintzaren erronka berriak (2005). Bertan sortutako eztabaida
eta gogoeta, dudarik gabe, eragile izan dira geroago arlo horietan
gertatu den garapenean.

Bilkuraren izenburua, oraingoan, Web 2.0 hemen izango da. Jakina
denez, web 2.0 teknologia multzo bat ez ezik, jarrera berri bat ere
bada; horregatik, seigarren bilkura honen egitarauan, bi ikuspuntuoi
buruz, teknologikoari zein filosofikoari buruz, alegia, jardungo duten
hizlari adituak aurkituko ditugu. Egunean zehar aukera ezin hobea
izango dugu teknologia berri hauek euskararen presentzia zabaltzeko
nola erabil ditzakegun eztabaidatzeko. Hitzaldiak ez ezik, web 2.0
tresnak erabiliz izandako esperientzia aberasgarriak eta azken aldian
garatu diren aplikazio berriak azaltzeko aukera ere izango da. Egunari
bukaera emateko, berriz, web 2.0-ren kontrola nork duen, egon
daitezkeen interes kontrajarriak eta antzekoak aztertuko ditugu
mahai-inguru erakargarri batean.

Gai nagusia hori izanik ere, informatikan euskaraz jarduteak
berarekin dituen bestelako gorabeherek ere izango dute lekua
jardunaldiko mintzagaien artean. Informatikaren inguruan gabiltzanok
softwaregile eta erabiltzaile, ikasle eta irakasle, teknikari eta
beste bildu, elkarrekin eguna eman, eta komun ditugun arazoei erantzun
eguneratu bat bilatzen saiatzea dugu, bada, helburu nagusia.

Hori guztia dela eta, jardunaldian parte hartzera animatzen
zaitugu, benetan uste baitugu informatikan euskaraz jardun nahi dugunok
biltzea garrantzi handikoa dela, elkarren interesak, arazoak eta kezkak
nondik norakoak diren jakin dezagun.

Nori zuzendua: Informatikari (zentzu zabalenean hartuta)
euskaldunak: softwaregile, erabiltzaile, ikasle, irakasle, teknikari
eta abar, eta abar

Sigue leyendo